“Ondarea bizirik, patrimonio vivo, patrimonio inmaterial» leloarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiak Bizkaian, urrian ospatuko den kultura programazioa.
Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien XXIII. Edizioan 150 kultura jarduera baino gehiago eskainiko dira lurraldeko 70 udalerritan. Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, ehun erakunde baino gehiagotako hainbat ordezkarirekin batera, Ondarearen Europako Jardunaldien XXIII. edizioa aurkeztu du, Bizkaian oso garrantzitsua den eta azken edizioetan Bizkaiaren izen ona sendotu duen ekimena.
Leixuri Arrizabalaga diputatuak nabarmendu duenez, jardunaldi hauek aukera paregabea eskainiko dute Bizkaiak duen ondare kulturalaren parte diren adierazpen kultural ugari eta baliotsuez gozatzeko, zabaltzeko eta birsortzeko. Arrizabalagak adierazi duenez, «ospakizuna aukera bikaina da Bizkaiko kultur ondare ez-material aberatsa nabarmentzeko eta zaintzeko».
Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta Ondarearen Jardunaldien katalogoan zehaztuko dira. Gainera, agenda kontsultatu eta erreserbak egin daitezke online, www.ondareabizkaia.eus webgunean.